‘Passive houses’ edo etxe pasiboak isolamendu-sistema bereziak dituzten etxebizitzak dira, kanpoko bero- edo hotz-iturrien beharra ahalik eta gehien murrizten dutenak.
Leihoak garrantzi handiko elementuak dira horrelako eraikuntzak planifikatzeko orduan, leihoa eraikitzeko xehetasun guztiek Passivhaus energia-eraginkortasunaren ezaugarriak bete behar dituztelako. Irtenbiderik onena Passive House Institute ziurtagiria duen leiho bat aukeratzea da. Hauek beira bikoitza edo hirukoitza dute, inguruko klimaren arabera; neguan beroa etxebizitza barruan islatzeko, eta udan kanpoan mantentzeko. Hala, sentsazio termikoa beti izango da egokia eta atsegina eraikin osoan, 20-25˚C-koa, aire-kalitate bikainarekin. Zalantzarik gabe, eraikuntza-sistema bioklimatikoa eta jasangarria da.
Abantailen artean, beraz, honakoak ditugu: erosotasun termiko etengabe eta homogeneoa espazio guztietan lortzea, energia-gastua %90 baino gehiago murriztea, CO2ko emisioak murriztea, soinu-isolamendua bermatzea eta etxe barneko airearen kalitate bikaina lortzea. Hauek ote etorkizuneko etxeak?